XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Iparraldekoak izan ziren lehenengoak; eta berehala Hegoaldekoak Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan.

Erromatik erabakitako epe jakinetan eta mailaz-maila, latina utzi eta herri hizkuntzak sartzeari ekin behar izan zitzaion.

Horretarako, ordea, itzulpenak prestatu behar ziren, tenorez prestatu ere.

Horrela, bada, ahalegin guztian hasi ziren taldeak lanean.

Hala ere, era desberdinean ekin zion hasiera hartan lanari gure elizbarrutietako talde bakoitzak.

Izan ere, Bilboko Gotzainak, Jaime Kerexetak bizkaierara itzuli eta argitaratu berria zuen Meza liburuko irakurgaiak eta otoitzak erabil zitzatela agindu zien bere elizbarrutiko apaizei.

Nafarroako Gotzaiburuak, berriz, Orixeren Meza liburua onartu zuen bere elizbarrutiko euskal parrokietan erabil zezaten.

Baiona eta Donostiako elizbarrutietako taldeek, ordea, itzulpen berriak egin behar zituzten edota, gutxienean, eskura zeuden argitarapenak oinarri harturik, beren euskalkietara egokitu, liturgiako irakurgai eta otoitzak.

2. Taldearen jarduera eta urratsak.

Kontzilioaren aginduz, piskanaka-piskanaka, liturgi liburu guztiak eraberrituak izan ziren, sakonki berriztatuak, alegia; testu guztiak ez bada ere, gehienak behintzat berriak edota aldatuak izateraino.

Eraberritutako liburuetan lehenengotakoa Meza eta sakramentuak ospatzeko irakurgaiena izan zen; geroxeago, Mezako otoitzak eta sakramentuen elizkizun liburu berriak argitaratu ziren.

Eta guzti honekin, planteamendu berri bat zegoen egin beharra itzulpenei zegokienez.

Indarrak elkartu beharra ikusten zen, lanaren ugariari erantzun ahal izateko.

Baina, gainera, gero eta garbiago azaltzen zen, liturgi testuen euskal itzulpen guztiak bateratu beharra.

Ez zen, ordea, gauza erraza.

Bizpahiru saio eginak zituzten itzultzaile guztiek talde bakarrean bildurik; eta lanaren jardunean konturatzen ziren, zenbait esalditan ez zegoela itzulpen batera etortzeko eragozpen haundirik; baina konturatzen ziren, baita ere, zailtasun haundiak zeudela askotan, denek itzulpen bat-bera onartzeko, euskalkien ezberdintasunak zirela medio.